Edith Hamilton
Edith Hamilton (Dresden, 1867ko abuztuaren 12a - Washington, 1963ko abuztuaren 31) hezitzaile eta idazle estatubatuarra izan zen, eta bere garaiko Estatu Batuetako klasizista ospetsuenetako bat[1].
| Edith Hamilton | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Dresden, 1867ko abuztuaren 12a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Washington, 1963ko maiatzaren 31 (95 urte) |
| Hobiratze lekua | Cove Cemetery (en) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Bryn Mawr College Leipzigeko Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | alemana ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | idazlea, historialaria, mythographer (en) |
| Lantokia(k) | Alemania |
| Lan nabarmenak | ikusi
|
| Jasotako sariak | |
| Kidetza | Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia |
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hautzaroa eta familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edith Hamilton 1867ko abuztuaren 12an jaio zen, Dresdenen (Alemania), Gertrude Pond (1840–1917) eta Montgomery Hamilton (1843–1909) guraso estatubatuarren bost seme-alabetatik zaharrena. Jaio eta gutxira familia Fort Waynera (Indiana, Estatu Batuak) joan zen bizitzera, non Edithen aitona, Allen Hamilton, 1820ko hamarkadaren hasieratik bizi zen. Allen Hamilton Indianara 1823an Kanadatik etorri eta Fort Waynen bizitzen jarri zen irlandar etorkina izan zen. 1828an Emerine Holmanekin ezkondu zen, Jesse Lynch Holman Indianako Auzitegi Goreneko Justiziaren alabarekin. Allen Hamilton Fort Wayneko enpresari arrakastatsu eta lur-espekulatzaile bihurtu zen[2].
Montgomery Hamilton, Edithen aita, Allen eta Emerineren hamaika seme-alabetako bat izan zen; hala ere, neba-arrebetatik bost bakarrik biziraun zuten. Princetongo Unibertsitatera eta Harvardeko Zuzenbide Fakultatera joan zen eta Alemanian ere ikasi zuen. Montgomeryk Gertrude Pond ezagutu zuen, Wall Streeteko artekari eta azukre inportatzaile aberats baten alaba, Alemanian bizi zela. 1866an ezkondu ziren[2]. Edithen amak, Gertrudek, literatura modernoa maite zuen eta hainbat hizkuntza hitz egiten zituen, komunitatean sozialki aktibo jarraitzen zuen eta "interes kultural eta intelektual zabalak zituen. Montgomery Hamilton Fort Wayneko handizkako janari negozio bateko bazkide egin zen, baina elkartea 1885ean desegin zen eta negozioaren porrotak galera ekonomikoa eragin zion familiari. Montgomery Hamilton, gero, bizitza publikotik erretiratu zen. Aitaren negozioak porrot egin ondoren, Edith konturatu zen bizibidea eman beharko ziola bere buruari, eta hezitzaile izatea erabaki zuen.
Edith bost anai-arrebetan (hiru ahizpa: Alice (1869–1970), Margaret (1871–1969), eta Norah (1873–1945) eta anaia bat Arthur "Quint" (1886–1967)) zaharrena zen. Edith hezitzaile eta idazle ospetsu bihurtu zen; Alice medikuntza industrialaren sortzaile izan zen[3]; Margaret, bere ahizpa nagusia bezala, Edith, Bryn Mawr eskolako irakasle izan zen; eta Norah artista zen. Hamiltonen neba-arrebarik gazteena, Arthur, idazle, gaztelaniako irakasle eta atzerriko ikasleentzako dekano laguntzaile izan zen Illinoisko Unibertsitatean, Urbana-Champaignen. Arthur izan zen ezkondu zen anai-arreba bakarra; berak eta Mary Neal emazteak (h. 1965) ez zuten seme-alabarik izan[2].

Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edithen gurasoek seme-alabei etxean irakasten zieten. Edithek oso txikitan ikasi zuen irakurtzen eta ipuin-kontalari bikaina bihurtu zen. Edithen aitak klasikoen ikasketetara bideratu zuen; zazpi urte zituenean hasi zen latina ikasten. Aitak greziar hizkuntza eta literatura ere irakatsi zizkion, eta amak Hamilton haurrei frantsesa eta alemanera irakatsi zien.
1884an, Edith bi urtez ikasi zuen Miss Porter's Finish School for Young Ladies eskolan (gaur egun Miss Porter's School izenez ezagutzen dena), Farmingtonen (Connecticut), non parte-hartzea familiako tradizioa zen Hamilton emakumeentzat. Hamiltonen hiru izeba, hiru lehengusu eta hiru ahizpak eskolara horretara joan ziren[4].

Hamilton 1886an itzuli zen Indianara, eta lau urteko prestaketa hasi zuen Bryn Mawr Collegen onartu aurretik, Filadelfiatik gertu, Pennsylvanian, 1891n. Grezieraz eta latinez espezializatu zen, eta 1894an gradua eta masterra lortu zituen. Hamiltonek urtea eman zuen, Bryn Mawr Collegen graduatu ondoren, latinezko bekadun gisa, eta Mary E. Garrett European Fellowship saria eman zioten, eskolako ohore gorena. Bryn Mawrren diru-sariak lortu zituzten Edith eta Alicek, 1893an Michigango Unibertsitatean medikuntza gradua amaitu zuenak, Alemanian ikasketa gehiago egin ahal izateko ikasturte batez, Leipzigeko eta Municheko unibertsitateetan (1895-96), haiek izan ziren Municheko unibertsitateko eskoletara joan ziren lehen emakumeak[1].
Ikasketak Alemanian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1895eko udazkenean, Hamilton ahizpak Alemaniara abiatu ziren. Alicek Leipzigeko Unibertsitatean patologia ikasten jarraitzeko asmoa zuen eta Edithek Ikasketa klasikoak ikasi eta eskoletara joaten zen. Garai hartan, Ipar Amerikako emakume gehienak, Edith eta Alice barne, beren eskoletara entzule gisa joaten ziren[5]. Emakumeak eskoletara joan zitezkeela jakinarazi zieten, baina "ikusezin" izaten jarraitzea espero zuten, eta ez zieten eztabaidetan parte hartzen utziko[6].
Aliceren arabera, Edith oso etsita zegoen hartzen zituen eskolekin, nahiz eta sakonak izan, eskolek literaturaren edertasuna alde batera uzten baitzuten kontu gramatikal ilunetan zentratuz. Honen ondorioz, Municheko Unibertsitatean matrikulatzea erabaki zuten, baina ez zen hobekuntza handirik izan. Hasiera batean, ez zegoen ziur Edithek eskoletara entzule gisa joaterik izango ote zuen, baina horretarako baimena eman zioten. Aliceren arabera, Edith bere lehen klasera iritsi zenean, irakaslearen oholtzara lagundu zuten, eta irakaslearen ondoan zegoen aulki batean eserita utzi zuten, ikasleen aurrez aurre[6].
Hamilton XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako helenistarik garrantzitsuenetarikoa izan arren, aparte ikasteaz gain, batzuetan errezelen atzean ere ikasi behar izan zuen[7].
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamiltonek Munichen (Alemania) jarraitzeko asmoa zuen doktoretza titulua lortzeko, baina bere planak aldatu egin ziren Martha Carey Thomasek, Bryn Mawr Collegeko presidenteak, Hamilton Estatu Batuetara itzultzeko konbentzitu ondoren. 1896an Estatu Batuetara itzuli ziren, eta Edith Baltimoreko (Maryland) Bryn Mawr neskentzako unibertsitate prestakuntzako eskola pribatuko buru izendatu zuten.
Bryn Mawr School Baltimoreko (Maryland) neskentzako eskola prestatzaile gisa sortua 1885ean, Bryn Mawr herrialdeko emakumeentzako bigarren hezkuntzako eskola pribatu bakarra zen eta bere ikasle guztiak unibertsitaterako prestatzen zituen. Eskolako ikasleek Bryn Mawr Collegeko sarrera-proba gainditu behar zuten sartzeko baldintza gisa. 26 urtez izan zen Hamilton eskolako buru postuan[1].
Hala ere, Hamilton ezagunagoa da antzinako greziar eta erromatar zibilizazioei buruzko saiakera eta liburu salduenengatik.
Klasizista eta egilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1922an hezitzaile gisa erretiratu eta 1924an New York hirira joan ondoren, antzinako zibilizazio greko eta erromatarrei buruzko saiakera eta liburuak idatzi zituen. Gaztetatik greziera eta latina ikasi zituen, eta betiko interesarekin jarraitu zuen.
Rosamund Gilder Theater Arts Monthlyko editorearen iradokizunez, Hamilton drama eta komedia grekoei buruzko saiakerak idazten hasi zen. Bere lehen artikuluetako batzuk Theater Arts Monthly aldizkarian argitaratu zituen, Grezia eta Erromako antzinako bizitzari buruzko liburu sorta idazten hasi baino lehen. Hamilton Estatu Batuetako bere garaiko klasizista ospetsuena bihurtu zen[8].
The Greek Way (1930)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930ean, hirurogeita bi urterekin, bere lehen liburua argitaratu zuen, The Greek Way[9][10]. Elling Annestad WW Norton Company-ko editoreak eskatuta, Hamiltonek idatzi zuen liburu arrakastatsu honek Estatu Batuetan autore ospetsu bihurtu zuen. Bestsellerak antzinako Greziaren eta bizimodu modernoaren arteko alderaketak egiten zituen, Atenasko historiako eta literaturako figura handienetako batzuei buruzko saiakerak eginez. Bere "prosa bizi eta dotorea" goraipatuz, liburuak berehalako txaloak eskaini zizkion Hamiltoni eta akademiko gisa zuen ospea sendotu zion[11].
The Roman Way (1932)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]The Roman Way (1932), bere bigarren liburuak, antzerako alderaketak eskaintzen zituen Erroma zaharraren eta egungo bizitzaren artean. Book-of-the-Month Clubek ere hautatu zuen 1957an. Hamiltonek antzinako Erromako bizitza zegoen bezala deskribatu zuen, antzinako poeta erromatarren arabera (Plauto, Virgilio eta Juvenal), erromatar pentsamendua eta ohiturak interpretatu zituen eta XX. mendeko jendearen bizitzarekin alderatu zituen. Ideia erromatarrak mundu modernoan nola aplikatzen ziren ere iradoki zuen[11].
The Prophets of Israel (1936)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondoren, bere liburuek beste interes uneak hartu zituzten, bereziki Biblia. 1936an, Hamiltonek The Prophets of Israel (Norton, 1936) idatzi zuen, eta bertan "Jainkoaren bozeramaileen" sinesmenak interpretatu zituen Itun Zaharrean[11]. Hebreeraren ezagutzarik gabe, Bibliaren bertsio ingelesetan oinarritu zen, profeten lorpenak eta bizitza pertsonalak XX. mendeko irakurleenekin modu bertsuan konparatzeko.

Mythology (1942)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamiltonen Mythology (1942) lanak mitologia klasikoko istorioak eta antzinako alegiak kontatzen ditu. Oso-osorik literatura klasikoan oinarritutako mitologiaren ikuspegia erabili zuen[11].
The Echo of Greek (1957)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942an, Washingtonera joan ondoren, Hamiltonek idazten jarraitu zuen. Laurogeita bi urte zituela, Itun Berriari buruzko ikuspegi berriak eskaini zituen Witness to the Truth: Christ and His Interpreters (1948) lanean, eta The Greek Way-ren jarraipena egin zuen, The Echo of Greek (1957) izenburupean[11]. Bere lehen liburuaren sekuelan, Sokrates, Platon, Aristoteles, Demostenes eta Alexandro Handiaren ideia politikoak eztabaidatzen dira.
Hamiltonek bidaiatzen eta hitzaldiak ematen jarraitu zuen bere laurogeiko hamarkadan, eta artikuluak, kritikak eta greziar antzezlanen itzulpenak idatzi zituen, besteak beste, The Trojan Women, Prometheus Bound eta Agamemnon. Horrez gain, Huntington Cairns-ekin The Collect Dialogues of Plato (1961) argitaratu zuen.
Doris Reid bidelaguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baltimoren, Hamiltonek Reid familia ezagutu zuen: Edith Gittings Reid, William Osler medikuaren eta Woodrow Wilson presidentearen biografoa, eta Harry Fielding Reid, Johns Hopkinseko geologia-irakaslea. Hain maitasun handia hartu zioten, ezen haiekin bizitzera gonbidatu baitzuten. Bere alabak, Dorisek, bi urte zituen Hamilton familian sartu zenean. Doris geroago Bryn Mawr eskolara joan zen, baina utzi egin zuen pianoa ikasteko[12].
20ko hamarkadaren hasieran, Hamilton bera baino 28 urte gazteagoa zen Doris Fielding Reid (1895-1973)[13] ikasle ohiarekin hasi zen bizitzen. Bikote berezia ziren, desberdinak ez bakarrik adinean, baita interesetan ere: Reid piano-kontzertista zen (geroago burtsan aritu zen) eta auto azkarrak gustatzen zitzaizkion. Baina harremana, Bryn Mawr eskolatik ateratzearekin batera (1922), askatzailea izan zen Hamiltonentzat, eta erabat ikasketa klasikoei eta idazteari emana bizi izan zen aurrerantzean; Reid eta Hamilton betiko bidelagun bihurtu ziren. [14]. Elkarrekin bizi izan ziren Mount Desert Islanden, Mainen, Dorisen etxean. Reiden iloba, Francis Dorian Fielding Reid (1917–2008), beraikein bizi izan zen txikitatik[15] eta lau urte zituela adoptatu egin zuten. Sea Wallen (Mainen) eta Gramercy Parken, Manhattaneko auzo dotorean, bizi izan zen beraiekin[16].
Mainetik New York hirira aldatu ziren 1924an. Hamilton eta Doris Reid 1943ra arte egon ziren New York hirian; gero Washingtonera joan ziren bizitzera eta udak Mainen igaro zituzten. Washingtonen Reid Loomis, Sayles and Company-ko tokiko bulegoen arduradun zen, 1929tik enplegatu zuen inbertsio-enpresa[16].
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamilton eta Doris Reid New York hirian egon ziren 1943ra arte, gero Washingtonera joan ziren eta udak Mainen ematen zituzten. Washingtonen, Reid Loomis, Sayles eta Companyren bulegoen arduraduna zen, 1929tik bere enplegatzailea izan zen inbertsio-enpresa; Hamiltonek idazten jarraitu zuen eta lagun artistak, kolega idazleak, gobernuko ordezkariak eta beste dignatario batzuk izaten zituen bere etxean. Besteak beste, Isak Dinesen, Robert Frost, Werner Jaeger Harvardeko klasizista eta John L. Lewis lider laborista nabarmendu ziren[17].
Washingtonera joan ondoren, Hamilton hezkuntza-proiektuen iruzkingile bihurtu zen, eta ohoreak jasotzen hasi zen egindako lanagatik. Hamiltonek telebista-programetarako eta Voice of Americarako programak ere grabatu zituen, Europara bidaiatu zuen, eta liburuak, artikuluak, saiakerak eta liburuen kritikak idazten jarraitu zuen.
Hamiltonek, bere bizitzako puntu gorena, Greziara egindako bidaia izan zela uste zuen, 90 urterekin, 1957an. 1957an greziar gobernuak Atenasera gonbidatu zuen, Eskiloren Prometeo kateatuaren bere itzulpenaren antzezpena ikusteko. Herodes Atikoren antzokiko eszenatokian, Ameriketako Estatu Batuek Grezian zuten enbaxadorea bertan zela, Paulo Greziakoa erregeak Ongintza Ordenaren Urrezko Gurutzea (Greziako ohore gorenetakoa) eman zion. Atenasko alkateak hiriko ohorezko hiritar izendatu zuen[14]. Estatu Batuetako hedabideek, Time aldizkariak barne, ekitaldiaren berri eman zuten.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamilton Washingtonen hil zen, 1963ko maiatzaren 31n, ia 96 urte zituela. Hil eta lau urtera, Doris Fielding Reidek Edith Hamilton: An Intimate Portrait argitaratu zuen[18].
Reid 1973ko urtarrilaren 15ean hil zen. Bi emakumeak Hadlyme Cove hilerrian (Connecticut) hilerrian daude lurperatuta; Hamiltonen ama (Gertrude), bere ahizpak (Alice, Norah eta Margaret) eta Margareten bizilaguna Clara Landsbergen ere hilerri berean daude lurpertuta[12].
Ohoreak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1906an, Hamilton Baltimoreko (Maryland) Bryn Mawr eskolako lehen zuzendaria izan zen.
1950ean, Hamiltonek Letretako Doktorearen ohorezko titulua jaso zuen Rochesterreko Unibertsitatean eta Pennsylvaniako Unibertsitatean. Yale Unibertsitateko ohorezko titulua ere jaso zuen 1960an. Gainera, Arte eta Letren Institutu Amerikarreko (American Institute of Arts and Letters) kide hautatu zuten 1955ean, eta Arte eta Letren Akademia Amerikarrekoa (American Academy of Arts and Letters) 1957an.
Hamiltonek Lorpenaren Sari Nazionala (National Achievement Award) jaso zuen 1951n, ikasketa klasikoeetako akademiko ospetsu eta egile gisa. Saria Anna M. Rosenberg Defentsako idazkariordearekin batera jaso zuen. Saria 1930ean sortu zen, lorpenak dituzten emakumeak ohoratzeko eta beste batzuk inspiratzeko[19].
1957an Paulo Greziakoa erregeak Ongintza Ordenaren Urrezko Gurutzea (Greziako ohore gorenetakoa) eman zion eta Atenasko alkateak hiriko ohorezko hiritar izendatu zuen[14]
1957an eta 1958an NBC telebista kateak elkarrizketatu zuen, eta 1957an, The Greek Way eta The Roman Way udako irakurgai gisa hautatu zituen Book-of-the-Month Clubek. John F. Kennedyk bere kargu jabetzera gonbidatu zuen, baina Hamiltonek uko egin zion.
1958an, Emakumeen Liburuaren Elkarte Nazionalak (Women's National Book Association) saritu egin zuen, liburuen bidez AEBetako kulturari egindako ekarpenagatik.
Doris Fielding Reidek Edith Hamilton: An Intimate Portrait biografia argitaratu zuen.
2000. urtean, Indianako Fort Wayne hiriak bi Hamilton ahizpen estatuak eraiki zituen, Edith eta Alice, bere lehengusina Agnesekin batera, hiriko Headwaters Parken.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edith Hamiltonen idazlanak Faded Pagen (Kanada)
- Edith Hamilton akademiko klasikoen datu-basean.
- Edith Hamiltonen dokumentuak (ayuda de búsqueda) Harvard Unibertsitateko Radcliffe institutuko Schlesinger liburutegian.
- Edith Hamilton en la Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren Liburutegia, liburutegiko katalogoa 30 bat erregistrorekin.
- Edith Hamilton Find a Grave webobrrian
- Edith Hamiltonen edo Edith Hamiltoni buruzko lanak Internet Archiven
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) «Edith Hamilton | American educator and author, Classical literature | Britannica» www.britannica.com (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ a b c Sicherman, Barbara; Hamilton, Alice. (1984). Alice Hamilton, a life in letters. Cambridge, Mass. : Harvard University Press ISBN 978-0-674-01553-1. (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ Sicherman, Barbara; Green, Carol Hurd. (1980). Notable American women : the modern period : a biographical dictionary. Cambridge, Mass. : Belknap Press of Harvard University Press ISBN 978-0-674-62732-1. (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ (Ingelesez) Kelly, Kate. (2010). Medicine Becomes a Science: 1840-1999. Infobase Publishing ISBN 978-1-4381-2752-1. (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ Hamilton, Alice. (1985). Exploring the dangerous trades : the autobiography of Alice Hamilton, M.D.. Boston, Mass. : Northeastern University Press ISBN 978-0-930350-81-9. (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ a b Sandra L. Singer (2003). Adventures Abroad: North American Women at German-speaking Universities, 1868–1915. Westport, Connecticut: Greenwood Publishing Group. pp. 74–75. ISBN 978-0-313-09686-0.
- ↑ González Gutiérrez, Patricia (2024), ¿Existieron las romanas?, Akal, 36. or.
- ↑ Gugin, Linda C., ed. (2015). Indiana's 200: the people who shaped the Hoosier State. Indiana Historical Society Press ISBN 978-0-87195-387-2.
- ↑ Edith Hamilton, The Greek Way, The Modern Library, New York, 1930, 1942.
- ↑ (Ingelesez) «On Greeks and Romans» TLS (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) Kort, Carol. (2014-05-14). A to Z of American Women Writers. Infobase Publishing ISBN 978-1-4381-0793-6. (kontsulta data: 2025-05-07).
- ↑ a b (Ingelesez) Norris, Mary. (2023-10-12). «The Edith Hamilton Way» The New Yorker ISSN 0028-792X. (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ Doris Fielding Reid Harry Fielding Reid geofisikari estatubatuarraren eta Edith Gitings Reiden alaba zen, William Osler medikuaren eta Woodrow Wilson presidentearen biografoarena.
- ↑ a b c (Ingelesez) Hurley, Amanda Kolson. (2023-10-20). «It’s All Greek to Her» The American Scholar (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ «Dorian F. Reid '38 | 1938 | Amherst College» www.amherst.edu (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ a b (Ingelesez) «Doris Fielding Reid on the Lesbian History Trail of Mount Desert Island, ME» The Lesbian History Trail of Mount Desert Island (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ Judith P. Hallett, "Edith Hamilton" in Linda C. Gugin and James E. St. Clair, ed. (2015). Indiana's 200: The People Who Shaped the Hoosier State. Indianapolis: Indiana Historical Society Press. p. 150. ISBN 978-0-87195-387-2.
- ↑ Reid, Doris Fielding. (1967). Edith Hamilton; an intimate portrait. New York, W.W. Norton (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ (Ingelesez) 1951 National Achievement Award. (kontsulta data: 2025-05-08).
