Digestio

Digestioa[oh 1][oh 2] irentsitako elikagaien eraldaketa prozesua da, organismoak asimila ditzakeen substantzia bihurtzen dituena[1]. Prozesu horretan, elikagaiak molekula txiki bihurtzen dira (nutrienteak), eta, hala, mintz plasmatikoa zeharkatzen dute bide mekanikotik edo kimikotik[2].
Digestio-aparatua, izaki heterotrofoentzat, ezinbesteko funtzioa du digestioan, horiek hazkuntza, mantenu eta funtzionamendurako beharrezko lehengaiak eta energia elikagaietatik lortzen baitituzte. Beraz, elikagaiak ehunak sortu, mantendu eta energia lortzeko erabiltzen dira. Zelula bakarreko izakietan, zelula barneko digestioa gauzatzen da: zitoplasmako digestio entzimek zelulak barneratutako elikagaia disolbatzen dute. Zelula anitzeko izakietan, berriz, digestio aparatu berezi bat izaten da elikagaiak digeritzeko[3]. Organismo autotrofoek (landareek, organismo fotosintetikoek), aldiz, argi-energia hartu eta animaliek erabil dezaketen energia kimiko bihurtzen dute.
Maila batetik besterako energia-bihurketaren urrats bakoitzean, materia eta energia erabilgarriaren galera bat gertatzen da, ehunen mantentze-lanei lotua eta baita elikagaia partikula txikiagoetan degradatzeari ere, ondoren ehun-molekula konplexuagoetan berreraikiko direnak.
Giza gorputzean, elikagaiak digestio-sistematik pasatzean digestioaren bidez, ongi funtzionatzeko behar dituzten nutriente bihurtzen dira.
Ikuspegi orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalien eta zenbait landareren digestioa maila zelulaniztunetan, zelularrean eta azpizelularrean gertatzen da. Prozesua digestio-aparatuan, traktu gastrointestinalean edo elikadura-kanalean ematen da. Digestio-aparatua, bere osotasunean, noranzko bakarreko hodi bat da, gibela, behazun-xixkua eta pankrea gisako organo osagarriekin, digestioan parte hartzen duen prozesu kimikoan laguntzen dutenak[4].
Digestioa, normalean, prozesu mekanikoetan banatuta egoten da elikagaien tamaina murrizteko, eta, ekintza kimiko batean, partikulen tamaina murrizteko eta, ondoren, zeluletara xurgatzeko eta garraiatzeko prozesua gauza dadin.
Ornodun gehienetan, digestioa irensteari jarraitzen dion digestio-sistemako zenbait etapatako prozesua da. Gizakiengan, irentsi aurretik, normalean, elikagaiaren prozesamendu mekaniko edo kimikoren bat behar izaten du.
Digestioa sei prozesutan banatuta dago[2][4]:
- Irenstea: Elikagaiak eta likidoak digestio-aparatura sartzea.
- Jariaketa: Estimulu espezifikoei erantzuteko digestio-zukuak askatzea (batez beste 7 L egunean).
- Digestio mekanikoa: Elikagaiak mekanikoki xehatzea hortzen, urdailaren eta hesteen mugimenduen ondorioz. Urrats horretan, nahiko ahul diren molekula arteko lotura gehienak hausten dira, eta nahastea eta propultsioa gertatzen da, mugikortasuna edo peristaltismoa errazten duten muskuluak uzkurtu eta erlaxatzen dutena.
- Digestio kimikoa: Elikagaien deskonposizio kimikoa, ahoan, urdailean eta hesteetan jariatutako entzimen ondorioz. Urrats horretan, nahiko sendoak diren molekula barneko loturak hausten dira, molekula konplexuak molekula sinple askoz txikiagoetan (mantenugaietan) bihurtzen dira, eta mintz plasmatikoa zeharkatzen dutenean xurgatu daitezke bi teknika hauetako baten bidez: mekanikoa edo kimikoa.
- Xurgapena: Mantenugaiak (molekula bakunak) digestio-sistematik heste-zelularen barnera (edo xurgatzeko ahalmena duen beste zelularen bat) zirkulazioko kapilarretan eta linfatikoetan zehar igarotzea.
- Sabel hustea: Digestio-traktuan digeritu ez diren hondakinak libratzea edo desagerraraztea, sabel huste (gorozkiak) edo berrahoratzearen bidez.
Terminologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz, historikoki, liseriketa eta txegoste erabili dira (Euskalterm, Elhuyar, Euskaltzaindia). Liseriketa kontzeptuarekin eratorri asko egon dira, baina, gaur egun, digestio hobesten da. Hiztegian txegoste agertzen bada ere, mendebaldeko termino honek ez du erabilera handirik[5].
Ornodunen digestio prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornodun multzo desberdinek oso antzekoa izaten dute txegoste aparatuaren oinarrizko antolamendua, baina, multzo bakoitzaren elikatze motaren ondorioz, aldaketa batzuk sortzen dira antolamendu orokor horretan. Hortzak desberdinak izaten dira masailezurreko hezurretan duten kokagunearen eta bakoitzaren zeregin bereziaren arabera (ebakortzak, letaginak, etab.). Aipagarria da arrainen faringeak duen berezitasuna, handik eratzen baitira zakatzak. Hegaztiek berezitasun bat dute hestegorrian: paparoa. Urdaila da izaki mota batzuetatik besteetara gehien aldatzen den organoa; hegaztienean (bi ataletan banatua) eta hausnarkarienean (lau ataletan banatua) ditu bereizkuntza aipagarrienak. Hestean ere izaten dira egitura aipagarri batzuk, eta, hala, espiral itxurako balbula bitxi bat dute arrain kartilagodunek. Gainerakoan, aipagarria da lurreko ornodunek, ugaztunek izan ezik, duten kloaka.
Ezaugarri orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornodunen txegoste aparatuak antolamendu eredu bera du multzo osoan, eta, beraz, ornodun mota desberdinen txegoste organoak konparatuz gero, aise ikusten da antzekoak direla. Oinarrizko eredu komun hori haien jatorriaren ondorioa da, animalia horiek guztiek aitzindari berberak baitituzte: kordatuak. Elikatze era desberdinetara egokitu izanak sorrarazi ditu multzo desberdinen artean dauden bereizkuntzak.
Digestio hodia luzea izaten da, eta sabelaldean egotea da kokatua. Ahoak mihia du, eta hortzak ere bai, gehienetan; uzkia giza enborraren muturrean dago; gibelak eta pankreak beren urinak hestera isurtzen dituzten txegoste guruin gisa funtzionatzen dute.
Ahoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hortzak masailezurrarekin batera agertu ziren ornodunetan, nahiz gero multzo batzuetan desagertu egin ziren, dortoketan eta oraingo hegaztietan, adibidez.
Arrain kartilaginosoetan (marrazoak, arraiak, etab.), hortzak zeharkako multzoetan daude kokatuta, eta, atzean, beste hortz multzo batzuk izaten dituzte aurrekoen ordezko. Kono formakoak izaten dira, eta gehiago dira harrapakinei heltzeko mastekatzeko baino. Izan ere, osorik irensten dituzte harrapakin asko. Antzeko itxura dute teleosteoen hortzek (gaur egun ugariena den arrain multzoa). Arrain multzo horiek guztiek hortz mota bakarra dute (akrodonto esaten zaio), eta hortz horiek albeolorik gabe daude masailezurrari lotuta. Masailezurreko hortz horiez gainera, arrain mota horiek beste hortz batzuk ere izaten dituzte ahosabaian eta baita faringean ere.
Anfibioek soilak eta txikiak dituzte hortzak; apo mota batzuek ez dute hortzik. Narrastiek, berriz, era askotako hortzak izaten dituzte: krokodiloek hortz sendoak dituzte, albeoloetan ondo txertatuak (tekodonto motakoak); sugandila batzuen hortzak akrodontoak dira; dortokek ez dute hortzik.
Oraingo hegaztiek ez dute hortzik, baina haien aitzindari fosilek, Archaeopteryxak, adibidez, bazituzten. Estalki adarkara bat duen mokoa eta errota dira hegaztiek mastekatzeko dituzten organoak.
Hortzek ugaztunetan iristen dute garapen maila handiena. Gizakiaren digestio aparatuari dagokion atalean ikus daitekeen moduan, ugaztunen hortzak tekodontoak dira, eta era askotakoak izaten dira (ebakortzak, letaginak, aurreko haginak, eta haginak), eta hortz mota bakoitzak zeregin berezi bat izaten du.
Hauxe zen hasierako hortz-hagin ohikoen hortz formula: 3.1.4.3./3.1.4.3. Ugaztunen baitan, hasierako hortz-hagin horiek aldaketak izan dituzte elikatze mota desberdinetara egokitu izanaren erantzun gisa: intsektujaleak, haragijaleak, belarjaleak eta orojaleak, batik bat. Aldaketa horiek elikagaiak hartzeari dagokion gaian aztertzen dira.
Listu guruinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehorreko ornodunek (anfibioek, narrastiek, hegaztiek eta ugaztunek) izaten dituzte listu guruinak, uretan bizi ez direnez janaria bustitzeko premia izaten baitute. Guruin horiek garatuago daude ugaztunetan, hiru guruin pare izaten baitituzte. Ugaztun eta hegazti askoren listuak amilasa entzima izaten du, baina beste animalia multzo batzuek ez dute entzima hori.
Faringea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Faringea janariaren igarobidea da ornodun guztietan. Organo horrek behe mailako ornodunetan (arrainetan, batez ere) izan du, agian, aldaketarik handiena, faringean oinarriturik zakatzak eratu baitira, uretako animalia horien arnas aparatua, alegia. Beraz, organo hori askoz garatuagoa dute arrainek eta anfibioen larbek lurreko beste animalia batzuek baino.
Goi mailako ornodunetan (ugaztunetan, adibidez), hodi soil bat da faringea, ahoa eta urdaila lotzen dituena. Aurrealdean, glotisa du, biriketako eta arnas aparatuko sarbidea, alegia, eta faringearen atzealdean dute abiapuntua belarrietaraino hedatzen diren Eustakioren hodiek.
Hestegorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hestegorriak ez du berezitasun handirik, hegaztietan ez bada. Ornodun gehienetan, hodi soil bat da, eta haren luzera animalia jakin baten lepoaren luzeraren araberakoa da. Hala, oso organo laburra da arrainetan, eta, izaki mota batzuetan, ez da urdailetik bereizten. Hegaztiek dute hestegorri garatuena. Aski luzea da; lepoaren oinarriraino hedatzen da, eta paparoa eratzen du, biltegiaren zeregina duen organoa, alegia. Gainera, hegazti mota batzuetan (usoetan, adibidez), esnearen moduko gai bat sortzen du, kumeak elikatzeko erabiltzen dutena.
Urdaila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdaila, arrain gehienetan, organo independentea da, eta txegoste urinak sortzeko ahalmena du. Multzo horretan baditu, beraz, bere ohiko hiru funtzioak: janariak biltzea, janariak lantzea eta janarien txegoste kimikoa egitea. Arrain batzuek ez dute urdailik, eta hestegorriaren zabalgune bat baizik ez da haietan.
Lehorreko ornodunen urdailak kardiasa, fondoa eta piloro eremua dauzka. Zein animalia talde den, desberdinak izan daitezke muki-mintzaren epitelioaren forma eta osaketa. Urdailaren aldakuntzarik nabarmenenak hegaztienak eta ugaztun hausnarkarienak dira:
- Hegaztietan, bihijaleetan batez ere, urdailak bi atal ditu: probentrikulua, digestio urina jariatzeko eginkizuna duena, eta errota, gihar horma sendoak dituen barrunbe bakartua. Organo horrek egiten du janariak mastekatzeko benetako lana, eta, horretarako, hegaztiak harri txikiak irensten ditu, janaria ehotzeko zereginean lagungarri izan dakizkion (gogora bedi hegaztiek ez dutela hortzik).
- Hausnarkarietan (behia, ardia, ahuntza, gameluak, etab.), oso konplexua da urdaila, eta lau ataletan dago banatua: zaku handia, zaku txikia, liburua eta gatzagia. Janaria, irentsia izan ondoren, zaku handira edo zaku txikira igarotzen da (zer janari mota den, batera edo bestera), eta bildu eta oratu egiten da. Gainera, barrunbe horiek mikrobio-flora aberatsa dute, eta flora horrek beste ugaztun batzuek baliatzen ez dituzten polisakarido jakin batzuk txegosten ditu (zelulosa, adibidez). Gero, oraindik txegosi ez den janari hori, ahora bidaltzen dute han mastekatzeko (hausnartzea), ahotik zaku txikira itzultzen da berriz ere, eta, handik, liburura eta gatzagira gero. Gatzagia da, izan, benetako urdaila (hestegorriaren luzakin gisakoak dira beste atalak), eta han egiten da txegoste kimikoa.
Hestea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hestea da txegoste kimikoa egiteko oinarrizko organoa, eta han bakarrik xurgatzen dira elikagaiak. Xurgatzeak, behar bezalakoa izan dadin, ahalik eta elikagai kopuru handiena igaroarazi behar du hesteetako hormako odol hodietara eta linfa hodietara. Xurgatzearen eraginkortasuna handitzeko, handitu egin da elikagaiekin lotura duen heste eremua (ileak, mikroileak, etab.). Ornodun batzuetan, badira xurgatze ahalmena handitzen duten beste bi aldakuntza ere: hestea asko luzatzea eta balbula espiraleko heste bat eratzea.
Arrain kartilaginosoek dute heste espirala edo balbula espirala duen hestea. Animalia horien hestea labur samarra da, baina toles bat du muki-mintzean, hodi osoan barrena balbula espiral bat eratzen duena. Janariak espiralak eginez joan beharra dauka hodian zehar (torloju amaigabe motako garraio zintetan bezala), eta, horrela, denbora gehiago egon behar du hestean, eta handiagoa da xurgatze eremua.
Hestearen luzera asko aldatzen da izaki mota batzuetatik besteetara. Teleosteoen mailatik gorako izakietan, hesteak ez du deskribatu berri dugun toles motarik. Toles mota horren ordez, hesteak luzatu egin behar du eremu gehiago hartzeko. Arrain teleosteo horiek heste itsu batzuk izaten dituzte pilorotik hurbil, janaria biltzeko eta xurgatzeko zeregin berezia dutenak.
Oro har, belarjaleek haragijaleek baino luzeagoa dute hestea; landareek txegosteko zailak diren polisakarido ugari izaten dute, eta. hestearen luzerak zerikusia du, orobat, animaliaren tamainarekin. Gorputzaren tamaina hestearen eremua baino bizkorrago handitzen denez, hesteak luzatu egin beharra dauka xurgatze eremuaren txikitasuna berdintzeko. Ornodun tetrapodoetan, heste meharrari dagokio hestearen zati handiena; heste meharra konplexuagoa da ugaztunetan eta hegaztietan narrastietan eta anfibioetan baino. Batzuetan, ugaztunetan gertatzen den bezala, atal desberdinak bereiz daitezke heste meharrean.
Heste lodia hodi labur eta zabal bat da behe mailako ornodunetan, eta erabat garatua egoten da ugaztunetan. Kolonaren hasieran, heste itsu bat egoten da maiz, eta, izaki mota batzuetan, heste itsu horretan dago apendize zekala. Heste itsu hori oso handia izaten da belarjale batzuetan (zaldi, karraskari, eta abarretan), eta, mikrobio-flora handia duenez, zelulosa ugari txegosten du. Izaki mota askoren kolonean ere badago mikrobio flora hori.
Kloaka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugaztunetan, kolona ondestean bukatzen da, baina, anfibioetan, narrastietan eta hegaztietan, ez da ondestean bukatzen, kloakan baizik; kloaka hodi zabal bat da, eta han biltzen dira gernu-aparatuko eta ugaltze aparatuko hodiak ere.
Gibela
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbriologiaren aldetik, hestean du organo honek sorburua. Oso garatua dago ia ornodun guztietan. Arrainetan, bi edo hiru lobulu izan ditzake, eta, hestearen aurrealdean, baita behazuna biltzen duen xixku bat ere. Eredu hori bera izaten dute, aldaera gutxi batzuekin, beste ornodun guztiek ere.
Igelaren gisako anfibioek lau lobulu izaten dituzte gibelean, eta lobulu bakoitzak hodi zistikoan bukatzen den hodi bana du. Narrastien gibelak bi lobulu izaten ditu; hegaztiek ere bi lobulu dituzte, eta bi hodi koledoko ere behazuna hestera eramateko (hegazti batzuek ez dute behazunik). Azkenik, hiruzpalau lobulu ditu ugaztunen gibelak.
Pankrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pankrea egitura bakartu eta independentea da ornodun gehienetan, baina, gibela bezala, hestetik sortua da. Hori argi antzematen da kordatu batzuen –Amphioxus eta ziklostomo batzuen (lanparda)– txegoste aparatua aztertuz gero, ez baitute pankrearik, baina bai hestean pankreako zelulen zeregin berberak dituzten zelulak.
Pankrea hesteko leku desberdinetan oinarriturik eratzen da ornodun askotan, eta, beraz, hainbat pankrea hodi elkarrengandik bereizi egon daitezke. Teleosteo mota batzuek ez dute organo hori izaten, edo ez dute batere garatua izaten. Igelak lobuluz betea du pankrea, eta, lurreko gainontzeko ornodunetan, pankreak ez du aldaketa handirik izaten; lobuluduna izan daiteke, eta hodi bat edo gehiago izan ditzake.
Digestioa organismo ezberdinetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiek, baita animalia ugaztunek ere, digestio-sistema osoa dute, eta elikagaiak digeritzea dute helburu, hau da, elikagaiak molekula txikiagoak bihurtzea gorputzeko zelulek asimilatu ahal izateko.
Landareak, onddoak, etab.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animaliek bakarrik ez dute janaria digeritzen. Landare intsektujale batzuek beste organismo batzuk harrapatzen dituzte, gehienetan, animalia ornogabeak eta ornodun txiki batzuk, eta kimikoki digeritzen dituzte. Onddoek ere eraginkortasun handiz digeritzen dute materia organikoa.
Ornodunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornodunetan, digestioa hasten da janaria irentsiz edo ahotik sartuz, eta digestio-aparatuan jarraitzen du, eta alda daitezkeen bi fenomeno mota gertatzen dira:
Fenomeno mekanikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Murtxikatzea: Hortzek egina, ezinbestekoa da, batez ere, barazkien, lekaleen eta fruta gordinen digestioan (guztietan, salbuespenik gabe); elikagai horiek zelulosazko mintz digeriezinez inguratuta daudenez, suntsitu egin behar dira.
- Irensketa: Borondatezko aldi batez osatutako mekanismo konplexua, zeinak irensketa-ekintza hasten duen; nahi gabeko faringe-etapa bat, elikagaitik hestegorrira igarotzeko urratsa dena eta hestegorriaren etapa bat.
- Heste-mugikortasuna: Digestio-egoera (kimo) desberdinetako elikagaiak hestearen paretako muskulatura intrintsekoaren mugimenduen bidez lekualdatzen dira digestioa eta xurgapena errazteko.
Fenomeno kimikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Molekula konplexuz osatutako elikagaiak molekula sinpleago bihurtzen dituzte, eta molekula horiek erraz xurgatzen ditu hesteak. Hala, karbohidratoak monosakarido bihurtzen dira (glukosa, adibidez), gantzak gantz-azido eta glizerina bihurtzen dira, eta proteinak aminoazido bihurtzen dira. Digestioan, erreakzio kimiko garrantzitsuenak hidrolisiarenak dira, digestio-zukuak dituzten entzimek lagunduta.
Digestioa gizakiarengan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestioaren aldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestio-prozesua hiru alditan banatzen da:
- Aldi zefalikoa: Aldi hori elikagaiak urdailera heldu aurretik ematen da, eta, bertan, organismoa digestiorako prestatzen da. Ikusmenak eta pentsamenduek burmuinen azala estimulatzen dute. Zapore eta usainaren estimuluak hipotalamo eta bizkarrezur-muinera heltzen dira.
- Aldi gastrikoa: Aldi honek 3-4 ordu irauten ditu. Urdailaren distentsioak eta pH azidoak estimulatzen dute. Azetilkolinaren askapena emango da, eta, horren ondorioz, urin gastrikoak eta azido klorhidrikoa (HCl) askatuko dira.
- Heste aldia: Hemen, aldi estimulatzailea eta inhibitzailea bereizi behar dira. Partzialki txegositako elikagaiek duodenoa beteko dute, eta heste gastrina askatuko da. Erreflexu enterogastrikoak, berriz, piloroaren uzkurketa eragingo du elikagaien sarrera ekidinez hestera.
Digestioa pausoz pauso
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Digestioa ahoan hasten da murtxikapenarekin. Elikagaiak listuarekin eta horrek dituen entzimekin nahasten dira digestioaren prozesu kimikoa hasiz eta elikadura boloa eratuz.
- Elikadura boloa irentsi eta hestegorrian zehar urdailera heltzen da. Bertan, azido klorhidrikoaren eta zenbait entzimekin nahastuko da kimoa eratuz.
- Digestio aparatuan zehar pH aldaketak izango dira, eta, horren arabera, hodiaren zati desberdinetan elikagaiak txegosteaz arduratzen diren entzimen aktibazio eta inaktibazioak gertatuko dira.
- Heste mehean, gibelak askatutako behazunari eta areak askatutako pankreako urinari esker, kimoan aurkitzen diren lipidoen degradazioa emango da gantz azido eta glizerina bihurtuz. Proteina eta karbohidratoen degradazioan parte hartuko duten proteasa eta amilasak ere askatuko ditu areak. Nahasketa horri kilo izena ematen zaio.
- Digestioaren amaieran, kiloa heste lodian pilatzen da. Uraren xurgapena emango da uzkitik kanporatuko diren gorozkiak sortuz.
Aho-barrunbea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakietan, digestioa aho-barrunbean hasten da, eta han murtxikatzen dira elikagaiak. Listua ahoan jariatzen da kantitate handitan (1-1,5 L/e) hiru listu-guruinen (parotida, submaxilarra eta sublinguala) bidez, eta mihiak janari murtxikatuarekin nahasten du.
Bi listu mota daude: bata, ur-jariaketa da, mehea, eta janaria hezetzea du helburu. Bestea, muki-jariaketa da, lodia, almidoia hidrolizatzen duen ptialina edo listu-amilasa entzimak dituena eta lisozima balizko bakterio infekziosoak desinfektatzen dituena; lubrifikatzaile gisa jarduten du, eta elikagai-partikulak bata besteari itsatsita mantentzea eragiten du, bolo bat osatuz.
Listuak aho-barrunbea garbitzeko eta elikagaia hezetzeko balio du, eta, gainera, digestio-entzimak ditu, hala nola listu-amilasa, polisakaridoen degradazio kimikoan laguntzen duena, adibidez, almidoia; disakaridotan, hala nola maltosa. Muzina ere badu, boloan elikagaiak biguntzen laguntzen duen glikoproteina bat.
Irenstean, mastekatutako janaria hestegorriraino garraiatzen da, orofaringetik eta hipofaringetik pasatuz. Irensteko mekanismoa irensteko zentroak koordinatzen du bizkarrezur-muinean. Hasierako erreflexua faringeko ukimen-hartzaileek hasten dute elikagai bolusa ahoaren atzealderaino bultzatzen denean.
Karbono-hidratoen digestioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karbono-hidratoak (polisakaridoak, disakaridoak, monosakaridoak) hazten ari diren landareetan sortzen dira, eta pikorretan, hosto-landareetan eta beste landare jangarri batzuetan egoten dira. Glukosak (polihidroxialdehido bat) eta fruktosak (polihidroxizetona bat) osatzen dituzte[6].
Landareek karbohidrato kateak eratzen dituzte hazten ari direnean, eta karbonoa harrapatzen dute atmosferatik, hasieran, karbono dioxidoa (CO2). Karbono hori landarearen barruan biltegiratzen da, urarekin (H2O) batera, karbono-hidrogeno-oxigeno konbinazio bat duen almidoi konplexu bat osatzeko, 1:2:1 proportzio finkoan, hurrenez hurren. Azukre ugariko landareek eta mahaiko azukreak egitura ez hain konplexua dute, eta disakarido edo bi azukre-molekula lotu deritze[2][4].
Karbohidrato horietako edozein digeritzen denean, emaitza azukre sinplezko egitura bat da, monosakarido bat (heste-biloetan xurga daitekeen forma kimiko bakarra). Monosakarido horiek odolerantz xurga daitezke (zelula xurgatzaileen puntako aldea), eta zelulek adenosina trifosfato energia-konposatua sortzeko erabil ditzakete[2][4].
Digestio-prozesua polisakaridoek ahoan duten degradazio-prozesuan hasten da, listuaren digestio-entzima den amilasaren bidez. Urdailaren eduki azido handiak entzimaren jarduera inhibitzen du, eta, ondorioz, karbohidratoen digestioa bertan behera geratzen da urdailean. Heste meharrean hustuz joatean, hidrogeno-potentziala (pH) izugarri aldatzen da azido sendo batetik eduki alkalino bateraino.
Urdailetik datorren azidoa neutralizatzeko, pankreak bikarbonato jariatzen du, eta hestea estaltzen duen ehunean jariatutako mukia alkalinoa da. Horrek entzimen digestio-jarduera sustatzen du. Amilasa heste meharrean egoten da, eta beste entzima batzuekin lan egiten du karbohidratoak monosakarido bihurtu arte degradatzeko. Monosakarido horiek kapilarretarantz xurgatzen dira, biloen inguruan[4].
Odoleko elikagaiak gibeleraino garraiatzen dira gibel-eroale zirkuitutik, eta, han, hiposinkratikoen azken digestioa egiten da.
Digestio-hodiak digeritzen ez dituen karbohidratoak zuntz dietetikoa osatzen dutenak dira (zelulosa, hemizelulosa, peptinak, Errafinosa eta gomak); horiek gorozkien osagai dira[4].
Odoleko mantenugaiak gibelera garraiatzen dira gibeleko zirkulazio eroaleren bidez, eta han substantzia hiposinkratikoen azken digestioa gertatzen da. Gibelak karbohidratoen digestioa egiten du intsulina eta glukago hormonei erantzunez. Otordu baten digestioaren ondoren odoleko azukre mailak igotzen direnean, pankreak intsulina jariatzen du, eta horrek gibelak glukosa glukogeno bihurtzea eragiten du, eta hura gibelean, ehun adiposoan eta muskuluan gordetzen da hipergluzemia saihestuz. Otordutik ordu batzuk igaro ondoren, odoleko glukosa jaitsi egingo da muskulu-jardueraren ondorioz, eta, une horretan, pankreak glukagoia jariatuko du, eta horrek glukogenoa glukosa bihurtzea eragiten du hipogluzemia saihesteko.
| Elikagaien irenstea | Karbohidratoen digestioa egiten den leku anatomikoak | ||||
| Ahoa | Hestegorria | Urdaila | Hestea | ||
| Karbohidratoa igarotzen den eta hidrolisia jasaten duen lekuaaren prozesuak: mekanikoa, kimikoa, edoo entzimatikoa | |||||
| Almidoia edo polisakaridoak (zerealak, lekadunak, tuberkuluak, sustraiak, etab.)
Zelulosa edo hemizelulosak (barazkiak eta frutak) |
Murtxikatzea (Elikagaien azpi-banaketa)
Irensketa |
Urdailera igarotzea | Heste-lumena | ||
| Entzimak | |||||
| ptialina edo listuaren amilasa
pH optimoa 6,8 aktibatzailea Cl- a1-4 substratu destrinoen eta polisakaridoen loturetan eragiten du (almidoia)
|
Ez da eraldatzen | Likidotze-prozesua, kimoaren eraketa | Pankreako amilasa (pankrea)
pH optimoa 7,5-8 a1-4 substratu destrinoen eta polisakaridoen loturetan eragiten du (almidoia) Eskuila-ertza: Laktasa (laktosa hidrolizatzen duena glukosan + galaktosan) Maltasa (maltosa hidrolizatzen duena glukosan + glukosan) Sacarasa, (sakarosa hidrolizatzen duena glukosan + fruktosan) aDextrinasa (Hidrolizatuz, α-dextrinak, maltosa eta maltotriosa glukosa bihurtzen ditu.) Trehalasa (Hidrolizatuz, trehalosa glukosa bihurtzen du) |
Xurgapena | |
[2][4][7] Oharra: Osa atzizkian amaitzen diren izenek, normalean, azukre bat adierazten dute, laktosa adibidez. Entzimen izenak, eskuarki, degradatzen duten substratuarenarekin hasten dira. Adibidez: maltosa disakaridoa maltasa entzimak degradatzen du (hidrolisi-prozesuaren bidez), bi glukosa-molekulatan monosakarido bat eratuz.
Gantzen digestioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahoan hasten da mihiko lipasa bereiztearen ondorioz, eta heste meharrean jarraitzen du: Heste meharrean gantza izateak hormonak sortzen ditu, eta horiek pankreak lipasa (pankrea-zukua) eta behazun-xixkuak behazuna askatzea dakar, horiek heste meharrean sartzen dira Vater-en anpuluaren bidez. Lipasak, gantza, monoglizeridotan eta gantz-azido askeetan degradatzen du. Behazunak gantz-azidoak emultsionatzen ditu erraz xurgatu ahal izateko moduan. Kate motzeko eta ertaineko gantz-azidoak zuzenean xurgatzen dira odolaren barruan heste meharreko kapilarren bidez, eta porta zainean zehar bidaiatzen dute, beste elikagai batzuek egiten duten moduan. Hala ere, kate luzeko gantz-azidoak luzeegiak dira zuzenean hesteetako kapilar txikien barruan askatzeko. Horren ordez, hesteetako biloen hormetan xurgatzen dira, eta berriro mihiztatzen dira triazilglizerido gisa. Triazilglizeridoak kolesterolarekin eta proteinekin estaltzen dira Kilomikroi izeneko osagai baten barruan. Biloaren barruan, kilomikroia linfa-kapilarretan sartzen da, eta horiek linfa-hodi handiago batean fusionatzen dira. Sistema linfatikoaren eta hodi torazikoaren bidez, bihotzetik hurbil dagoen toki batera garraiatzen dira (non arteriak eta zainak handiagoak diren). Hodi torazikoak kilomikroiak husten ditu odol-emarian, ezkerreko zain subklabiotik. Puntu horretan, kilomikroiek triazilglizeridoak behar dituzten tokiraino eraman ditzakete.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ikus Terminologia atala terminoaren erabileraren inguruko xehetasunak ezagutzeko.
- ↑ Liseriketa terminoa ere erabili zen garai batean baina Euskaltzaindiak, liseriketa-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/06/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Digestio Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa. Zthiztegia.elhuyar.org
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Ascencio Peralta, Claudia. (2012). Fisiología de la nutrición. McGRAW-HILL INTERAMERICANA EDITORES, S. A. de C. V ISBN 978-607-15-0670-2..
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ a b c d e f g (Gaztelaniaz) Digestión. 2025-01-15 (kontsulta data: 2025-06-12).
- ↑ «Garaterm» garaterm-corpusa.ixa.eus (kontsulta data: 2021-07-16).
- ↑ Wade Leroy G., Jr.. (2012). «23 Carbohidratos y ácidos nucleicos» QUÍMICA ORGÁNICA. PEARSON EDUCACIÓN, México, 1097 or. ISBN 978-607-32-0793-5..
- ↑ 3. Barrett Kim E, Barman Susan M, Boitano Scott, Brooks Heddwen L. (2010). McGRAW-HILL INTERAMERICANA EDITORES, S.A. de C.V ISBN 978-607-15-0305-3..
Bibliografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Matón, Anthea; Jean Hopkins, Charles William McLaughlin, Susan Johnson, Maryanna Quon Warner, David LaHart, Jill D. Wright (1993). Human Biology and Health. Englewood Cliffs, New Jersey, USA: Prentice Hall. ISBN 0-13-981176-1, LaGomaVh.
- Müller-Esterl, Werner. Bioquímica : fundamentos para medicina y ciencias de la vida / Werner Müller-Esterl; con la colaboración de Ulrich Brandt .. [et al.] Barcelona: Reverté, cop. 2008.
- Stryer, Lubert. Bioquímica : cuarta edición Publicació Barcelona [etc.]: Reverté, cop. 1995 Edició 4a ed.
- J.M. González de Buitrago Arriero ... [et al.] Bioquímica clínica. Publicació Madrid [etc.]: McGraw-Hill/Interamericana de España, DL 1998.
- Brody T. Nutritional Biochemistry. (2a ed), Academic Press, San Diego, 1999.
- Cheshire A. Lo Esencial en Aparato Digestivo. Ed Harcourt-Brace, 1998.